Nor gara?

Gobernu arduratsua

Ejiek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako Gobernu Arduratsuaren Gidaren baitan, jokabide-kode bat egin du, eta politika eta jarduera-ildo jakin batzuk ezarri ditu ingurumenaren, informazioaren segurtasunaren, genero-berdintasunaren eta laneko segurtasun eta osasunaren alorretan.

Jokabide-kodeaz Ejieren oinarrizko politiken eta jarraibideen ikuspegi oso eta orokor bat eman nahi dugu. Izan ere, horiek gobernatzen dituzte gure interes-taldeekin ditugun harremanak, argi eta garbi ezarriz horietako bakoitzarekin hartu ditugun konpromisoak. Azken finean, jokabide-kodea gure jardun profesionalaren gida modukoa da.

Jokabide-kodea (PDF, 153 KB)

EJIE, S.A. (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) da informatika-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa publiko bat, eta sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioa modernoa eta eraginkorra izan dadin laguntzeko (Gobernuak ezarritako lege-esparruaren barruan, lagundu ere). Administrazioan informatika-zerbitzuak eskaintzeko tresna gisa dihardu, ororen tresna gisa, eta zeregin horretan, informazio-zerbitzuen azpiegitura kalitatez eta eraginkortasunez eraikitzen du, bai eta mantentzen ere, eta azpiegitura horren iraupena eta segurtasuna bermatzen du, langile kualifikatuen bitartez eta eskariaren arabera egokitutako baliabide eta kostuen bitartez.

Jabetzen gara gizartearen aurrean dugun erantzukizunaz, haren aurrean eragile aitzindari eta eredu baikara, eta, ondorioz, gure baltzu-egoitzari dagokionez (Mediterraneoaren hiribidea, 14, Gasteiz), honako konpromiso hauek hartzen ditugu ingurumenaren alde:

  • Iraunkortasunaren eta ingurumenerako eskubidearen aldeko konpromisoa (Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/98 Lege Orokorrean daude jasota biak).
  • Kutsaduraren prebentzioa egiteko konpromisoa; horretarako, ingurumena gure erakundearen eguneroko kudeaketan sartuz; egunetik egunera, gure ingurumen-jarrera hobetuz; proposatutako helburuak eta xedeak lortzeko beharrezko informazioa eta baliabideak emanez.
  • Ingurumen- eta energia-jardueraren etengabeko hobekuntza lortzea, gure instalazioetako diseinuan eta emandako zerbitzuetan energia-eraginkortasuneko irizpideak sartuz, ingurumen-legedia eta energiaren erabilerarekin eta kontsumoarekin zein energia-eraginkortasunarekin lotutako legedia betetzeaz haratago.
  • Hornitzaileekin, herritarrekin eta kanpoko alderdi interesdunekin komunikatzeko konpromisoa, poliki-poliki, ingurumen eta energia-eraginkortasuneko irizpideak sartuz produktuen salmentan eta gure erakundearen menpe dauden zerbitzuen kontratazioan.

Gure erakundearen jarduerak ere eragin egiten dio ingurumenari, giza jarduera orok bezala. Horregatik, gure jarduera horrek ingurumenari dagokionez ageri dituen alderdiak identifikatu egingo ditugu, bai eta ebaluatu ere; gainera, prestakuntza emango diegu gure langileei, gure jarduerak ingurumenari dagokionez ageri dituen alderdi horien gainean eta langileen euren eginkizunen gainean, eta saiatuko gara langileak ohar daitezen nork bere lanpostuan daukan jokabideak ingurumenaren alde hartua dugun konpromiso hori erakutsi behar duela.

EJIEko Zuzendaritza Nagusiak nazioarteko ISO 27001 estandarrean oinarritutako Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistema (ISKS) mantendu eta hobetzeko konpromisoa hartzen du, printzipio orokor hauek betez:

Informazioaren segurtasuna:

  • Sortu, gorde edota kudeatzen duen informazio guztiaren erabilgarritasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, trazabilitatea eta egiazkotasuna ziurtatzea, hala berezkoa nola bere bezero eta hornitzaileena, eta baita euskarri gisa baliatzen diren zerbitzu eta informatika-sistemetakoa ere.

Arriskuen kudeaketa:

  • Aplikatzen diren neurriak (segurtasun arlokoak, antolakuntzakoak, arauzkoak, kontratuzkoak, operatiboak eta teknologikoak) informazioaren kritikotasunarekiko eta haren euskarri gisa baliatzen diren zerbitzu eta informatika-sistemetan izan daitezkeen arriskuekiko proportzionalak direla bermatzea, behar bezala babestuz eta kostuaren eta hobariaren arteko oreka egokia mantenduz.

Segurtasun arloko gorabeheren kudeaketa:

  • Segurtasunean edo eskaintzen diren zerbitzuen jarraikortasunean edota haien euskarri gisa baliatzen diren informatika-sistemetan eragiten duten gorabeherak eraginkortasunez kudeatu eta ebazten direla ziurtatzea, berriro errepika ez daitezela bermatuz.

Zerbitzuen jarraikortasuna:

  • Eskaintzen diren zerbitzuak ematen jarraitu ahal izatea bermatzea, baita zerbitzuetan disfuntzioak eragin ditzakeen gorabehera larriren bat gertatuta ere.

Segurtasunaren kultura:

  • Informazioaren segurtasuna erakundearen kulturako parte izan dadila ziurtatzea, langile guztiek segurtasun arloko jarraibideak ulertu, onartu eta modu arduratsuan aplika ditzaten.

EJIEko Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman nahi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa duela. Konpromiso berria ez bada ere, beharrezkoa da haren berri ematea; alde batetik, bete egingo dela bermatzeko, eta beste batetik, beste erakunde batzuek eta, oro har, gizarteak konpromiso hori bera har dezaten eragiteko.

EJIEn gara daitezkeen ekintza guztietan berdintasun- eta objektibotasun-printzipioari eutsiz, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako enpresa-kultura ezarriz, zuzendaritzak Berdintasun Planean erabaki dituen gainerako helburuak uztartzea lortuko du.

Ildo horretan, eta konpromiso orokor hori aintzat hartuta, EJIE ahaleginduko da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat sortzen eta/edo iraunarazten, zer behar den, berdintasun hori forma eta modu guztietan lortutzat hartu arte.

Berdintasun-plan hori zehar-ikuspegitik egin behar da; hau da, beharrezkoa izango da zuzendaritzak zehazten dituen plan eta ekintza estrategiko guztietan aintzat hartzea, eta hura martxan jartzeko eta ebaluatzeko, Berdintasun Taldea sortuko da eta behar dituen baliabide guztiez hornituko da.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa eta behin betikoa izango bada, beharrezkoa izango da emakumeak eta gizonak kopuru berberean egotea EJIEk etorkizunean egingo dituen partaidetza-prozesuetan. Horrez gain, beste helburu bat hartuko du bere gain enpresako zuzendaritzak: proposamen zehatzak formulatzea, EJIEko langileen artean desberdintasuneko harremanak eta/edo egoerak gertatzen direla interpretatuz gero, harreman eta egoera horiek konpontzeko beharrezkoak diren neurri guztiak inplementatze aldera.

Zuzendaritzak laguntza eskatu nahi die enpresan jarduten duten eragile guztiei, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Plana martxan jartzeko eta ezartzeko.

Konpromisoa jartzeko zeregin horretan, ordea, beharrezkoa da EJIEko balio-kateak ere -enpresa hornitzaileak, kolaboratzaileak, etab.- parte hartzea, bai eta Kudeaketa Bikaintasunerako ereduan identifikatutako interes-taldeek ere. Horrela soilik -hots, prozesuan beste erakunde eta pertsona batzuk inplikatuz-, gure kudeaketaren beraren ardatz nagusitzat hartzen dugun balioa itzuliko diogu gizarteari.

Ondo ulertu eta onartu behar dugu aniztasuna EJIE osatzen dugun pertsona guztiok, bidea errazte aldera. Horretara animatzen zaituztegu.

EJIE-k, Mediterraneoko Etorbideko 14. zenbakian kokatutako enpresak eta Eusko Jaurlaritzari informatika-zerbitzuak eskaintzera dedikatzen denak, OHSAS 18001:2007 Arauaren araberako egiaztagiria lortzea erabaki du eta horretarako, beste jarduera askoren artean, segurtasun eta osasuneko politika hau definitu du. Politika hori ezarrita dago eta langile guztiei jakinarazten zaie ezagutu dezaten eta bere ezarpenean aktiboki parte hartu dezaten. Horrela bada, interesa duen edozein alderdiren eskura dago. Laneko Segurtasuna eta Osasuna eta bere kudeaketa EJIE-ko ZUZENDARITZAREN eta ARDURADUNEN erantzukizuna dira eta beste funtzio profesionalak aurrera eramaterakoan duten erantzukizun berarekin aplikatu behar dituzte. Horretarako EJIE-k prebentzio-jarduera integratzearen bidez egingo du lan arriskuen prebentzioa.

Lesio eta gaixotasunen prebentzioa EJIE-ko erakundearen maila guztiengan eragina duen helburu nagusia da. Lan-baldintza ziurrak eta osasuntsuak sustatzea, bai langileriarentzat bai eta gure lantokian jarduera garatzen duten beste enpresetako langileentzat ere, funtsezkoa da. Hori dela eta, EJIE-k segurtasun-neurriak betetzeko eta une oro enplegatu zein kontratista guztiei arau horiek betearazteko konpromisoa hartu du. Era berean, langileen ahalmena eta gaitasuna zein osasuna eta segurtasuna hobetzeko heziketa ekonomikoki sustatzeko konpromisoa hartu du.

Azken finean, gure konpromisoa hurrengoa da:

  • Bere langileen segurtasun- eta osasun-maila altua lortzea, Lan Arriskuen Prebentziorako Plan baten ezarpenaren bidez eta gutxienez, indarrean dagoen legedia eta erakundeak onesten dituen beste eskakizunak betetzea.
  • Gure jardueren barruan dauden Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako arriskuak identifikatzea eta ebaluatzea, baita jarduera horien aldaketetatik sortzen direnenak ere, eta horiek ezabatzen saiatzea edo gutxienez kontrolatzea.
  • Langileen parte-hartzea sustatzea, kontsulta eta parte-hartze eskubidearen bidez.
  • Langile guztiek heziketa eta informazio egokia jasotzen dutela eta egiten dituzten atazetan adituak direla bermatzea.
  • EJIEk prebentzio alorreko jardunbideak bere bezeroei eramateko konpromisoa hartzen du, honekiko hedagarriak diren heinean, konkretuki eta EJIE-ko jardunbidea oinarritzat hartuta, egon daitezkeen bisiten aurrean eraikuntzaren segurtasun neurriei dagokienean, bere jardunbideari Eusko Jaurlaritzak web guneen ailegaerreztasunaren alorrean ezarritako arauak erantsiz eta hornitzen duen erabiltzaile-postu zerbitzuaren ekipamenduen erabilera egoki bat bultzatuz.
  • Kudeaketa eta etengabeko hobekuntzako prebentzio-programak ezartzea eta mantentzea, bai eta baliabideak ematea ere, giza baliabideak zein baliabide ekonomikoak, aipatutako programak praktikan jartzeko, eta horrekin, laneko segurtasun zein osasuneko jarduera-maila altua lortzeko.